XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Oposizio osoa agertu da Nafarroako aurrekontuak atzera botatzeko prest

HB Juan Cruz Allirekin bilduko da gaur arratsaldeko bozketen aurretik

PSN, HB, IU eta EA Juan Cruz Alliren Gobernuak egindako aurrekontu proiektua atzera botatzeko prest agertu dira.

Parlamentuak arratsaldean bozkatuko ditu IUk eta HBk aurkeztutako osoko zuzenketak.

Ordu batzuk lehenago, Gobernuko ordezkariekin bilduko da Herri Batasuna.

A. UNANUE / IRUÑEA

Joan den asteko bilera jarraituko dute gaur UPNko eta HBko ordezkariek

Sozialistek atzo arratsaldean erabaki zuten Gobernuaren aurrekontuak atzera botatzearen aldeko jarrera.

PSN-PSOEko zuzendaritzak ohar baten bidez jakinarazi zuenez, aurrekontuei egindako osoko zuzenketa guztiak sostengatuko ditu gaur arratsaldeko plenoan.

Hots, IUren eta HBren zuzenketak bozkatzen badira, bien aldeko botoa emango duela.

Parlamentua lau t'erdietan bilduko da.

Aurreneko txanda IUren zuzenketarentzat izango da.

Horrek IU, PSN eta EAren aldeko botoak jasoko ditu.

HBk, berriz, ez du azken unera arte erabakiko zer egingo duen.

Maurizio Olite parlamentariak atzo azaldu zuenez, gure nahia geure zuzenketa onartzea da.

Hori horrela izateko, HBk kontrako botoa eman beharko luke lehen bozketan, bere zuzenketa ez baita bozketara iritsiko bestela.

Bigarren bozketan oposizio guztia elkartuz gero, atzera botako ditu aurrekontuak UPN gutxiengoan dagoelako.

Herri Batasuna, bestalde, Gobernuko ordezkariekin bilduko da goizean.

Bilera iragan astelehenean egindakoaren jarraipena izango da.

HBk sakoneko aldaketak eskatu zizkion orduan Gobernuari, bere zuzenketa erretiratu ahal izateko.

Miguel Sanz lehendakariordeak atzo azaldu zuenez, benetan zaila izango da HBrekin ados jartzea, talde abertzaleak Madrili ordaindu beharreko kupoaren murrizketa proposatzen duelako.

Sozialistekin elkarrizketatzeko eskaera ere egina zuen HBk, baina plenoaren aurretik behintzat ez da bilerarik izango.

PSN-PSOEko zuzendaritzak atzo jakinarazi zuenez, aurrekontuak behin atzera botata, elkarrizketa txanda bat hasiko dugu alderdi guztiekin egoera berriari aurre egiteko.

Azpimarratzekoa da sozialistek orain arte ez dutela HBrekin mahai berean eseritzerik nahi izan.

ALLIREN GOBERNUAREN KONBENTZIMENDUA

Giroak bestelako zerbait adierazi arren, Gobernuak ez du uste osoko zuzenketek aurrera egingo dutenik, Miguel Sanzek atzo esan zuenez.

Lehendakariordeak oposizioaren batasun faltan oinarritu zuen UPNren konbentzimendua.

Sanzen iritziz HB ez da IUren zuzenketaren alde agertuko, berea bozkatu dadin nahi duelako.

Era berean, PSOEk ezin du HBren zuzenketa sostengatu, bere filosofiaren kontra doalako.

Jakina da HBk bere zuzenketan kupoaren murrizketa proposatzen duela eta ez dut uste PSOEk Madrilean baimena duenik kupoa 10.000 pezetan (500 milioi libera) gutxitzeko.

PSNk aurrekontuak atzera ez botatzeko beste arrazoi bat ere aipatu zuen, sozialisten zuzenketa partzialak nahiko apalak direla alegia.

Sanzen iritziz, zuzenketa horiek ez dute osoko zuzenketarik onartzeko borondaterik erakusten.

Hori dela eta, Nafarroako Gobernuak oposizioko alderdien zuzenketa partzialak aztertu zituen asteleheneroko bileran, horiek plenora iritsiko direlakoan.

Sanzek azaldu zuenez, alderdi guztien zuzenketetan kontraesanak antzeman dituzte, funtzionamenduko gastuak ugaltzen dituztelako, nahiz eta guk aurrikusitakoak gehiegizkotzat jo dituzten jendeaurrean.

Hala ere, arrazoizkoenak sozialisten proposamenak direla gehitu zuen.

Joan den asteko bilera jarraituko dute gaur UPNko eta HBko ordezkariek.